IKASTOLA 231 > ikastolak > 40 urte bete ilusioz, eta luze bizitzeko gogoarekin!

Erentzun Ikastola, Viana

40 urte bete ilusioz, eta luze bizitzeko gogoarekin!

Egun 130 ikasle ditugu 0-12 urteko etapatan

Irakasleak eta gurasoak gara ikastolako kudeatzaileak, hezkuntza kooperatiba lez.

Erentzun ikastolak 40 urte betetzen ditu aurten, 1978 urtean 12 ikaslerekin hasi baikinen, Mertxe Elordi irakaslearekin, nahiz eta 23 ikaslerekin amaitu genuen ikasturtea, 1979ko ekainean. Udalari eskola zaharreko gela bat eskatu zitzaion, gaur egungo zaharren egoitza dena, Juan Ignacio Velascoren bitartez, eta guraso eta lagunen konponketei esker hasi ginen, inongo diru laguntzarik gabe.

Hurrengo urtean matrikula igo zenean, orduko udala oztopoak jartzen hasi zen. Beste irakasle bat kontratatu beharrean ginen, horretarako NIE-ko idazkari zen Juan Luis Larraza-ri eskatu genion irakasle bat aurki zezan. Irakasle hori, Irune Martinez de Goñi izan zen, gurekin jubilatu berri dena. 1980 urtean, bi gela gehiago atondu ziren, bi talde bait zeuden. Gela horietako bat eskola publikoko ikasleei euskara irakasteko erabili zena. Zoritxarrez, eraikuntzan obrak egiten hasi ziren, gaur egungo zaharren egoitza egiteko, eta garaje partikular batera mugitu behar izan genuen, jolastokirik gabe eta kartoizko horma batekin bi gelak banatzeko.

Handitzen jarraitu genuen eta Oroz enparantzako  sotoak erosi ziren, norbanakoen diru laguntzari esker. Gurasoen auzolanari esker hiru gela eta jangela egokitu ziren. Denbora gutxira beste lokal bat alokatu beharrean izan ginen( gaur egun Bolerako biltegia dena), eta hurrengo urtean leku gehiagoren premian ginela, Velascoren oilategira mugitu ginen, gaur egun Hoyoko aparkalekua dagoen tokira. 80garren hamarkadan irakasle berriak etorri zirenean oilategian gela berriak  egokitu ziren, nahiz eta 7 haur talde egoera  prekarioan egon ziren.

Ikastola eskaera igotzen zihoan, 1992 urtea iritsi zelarik Nafarroa Oinez antolatu genuen. Bezperan izugarrizko euri jasa egin zuen arren urriak 11n jende andana gerturatu zen Vianara, eta horri esker gaur egunean daukagun ikastolaren alde zaharra  eraiki  zen. Inaugurazioa 1995-96 ikasturtean egin genuen.

Egun 130 ikasle ditugu 0-12 urte arteko etapatan, zeinetan irakasleak eta gurasoak garen ikastolako  kudeatzaileak, hezkuntza kooperatiba lez, hezkuntza proiektu berritzaileak bultzatzen.

40 urteurrenaren LOGOA

Pello Mirena San Millan Bergara, baztandarra, gure ikastolako laguna izanik 40. urteurreneko logoa egin digu. Bertan 4 eta 0 zenbakiak ikus ditzakegu gaur egungo gure ikurra denaren koloreekin. Gure kolektiboa handitzearen sinboloa da, bertan, aurreneko gurasoak izan zirenak,  gaur egun seme-alabak  bertan eskolaratuta dituztenak eta batzuen bilobak ere bai. Gure ikasle izandako batzuk gaur egun ikastolako irakasleak dira, honek dakarrenarekin,  helduen jakituria eta gaztediaren bizi grina batera.

40. urteurren zoriontsua Erentzun Ikastolarentzat!

ikastola 231
2018 Abendua
231