HARIZTEGI proiektuari esker, ikasleek harizti bat sortzeari ekin diote.

Ikasle bakoitzak 4 haritz ezkur jaso, landatu, hazi eta ikastola uzteko urtean, basoan zuhaitza landatzea xede.

Haritz ezkurrak jaso, landatu, hazi eta ikastola uzteko urtean basoan zuhaitza landatzea dute helburu.

Iñigo Aritza Ikastolak 2018 urteko Nafarroa Oineza antolatu zuen, honi lotuta Basoa Oinez proiektua eratu zuen ikastolak. Oinez Basoa proiektua, ikastolek antolatzen duten festa egunak sortzen duen aztarna ekologikoa murriztu eta Oineza antolatzen duen inguruari epe luzerako ekarpena uzteko helburuz sortu zen.

Modu horretan, iaz, proiektu honen baitan, Basomuturreko eremua garbitu, zuhaitzak landatu eta gauenara edo sagu zaharren etxetxoak jarri ziren. Horren ostean,  informazio panelak jarri ziren.  Bertako testuetan Lehen Hezkuntzako ( LH) 5, 6 eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) mailako ikasleek saguzarren inguruan ikasitakoak txertatu zituzten.

Proiektu honen garapenarekin, hau zerbait puntual izatetik harago, jarraikortasuna merezi zuela ikusi zen, eta ikastola harizti baten inguruan egonda, helburu pedagogiko eta etiko-sozial sakoneko lanketa bat egiteari ekin zitzaion. 

Horrela, Basoa Oinezen garrantzia ikasleei irakatsi behar zitzaiela ikusi zen, eta bide horretan,  “Hariztegi Proiektua” jarri da martxan. Proiektu honek aniztasunari erantzuten dio ikasle guztien garapen integralerako bidea jarraituz oinarrizko gaitasunen eta bestelako trebetasunen garapena bermatzen baitu pertsonaren eremu guztiak landuz.  

Bertan, DOHko Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza (DOH) 2ko ikasleak eta LH3ko ikasleak arituko dira elkarlanean. LH3ko ikasleak aukeratzearen arrazoia, ikastolako mendiko eraikinera etorritako belaunaldi gazteena izatea da. Helburua, orain jasotako haziak, zaindu, hazi eta ikastola uztea doazen urtean, DBH 4an hain zuzen, zuhaitza basoan landatzea litzateke.

Hariztegi proiektuan, ikasle bakoitzak 4 ezkur jaso, landatu, zaindu, hazi eta  denboran jarraipena egingo du. Hazi eta kimuen zaintzaren ardura DOH2 gelako ikasleek izango dute, beraien gelan kokatuko baita hazitegia.

Proiektuaren helburuak, iraganaren ezagutza, ingurumenarekiko errespetua, naturen ziklo eta garapenaren ezagutza, zaintza ardura eta egindakoaren lanaren bidez fruituak lortzea dira besteak beste; urtero- urtero ikasle belaunaldi berriek hazi berriak jaso eta hariztegi eder bat lortzea jomuga nagusiena izanik.

IKASTOLA INKLUSIBOAREN ADIERAZLE BAT
Ikastolak baditu Inklusioa bereziki lantzen dituen zenbait proiektu  eta hauen artean DBH ko aniztasunari erantzuteko DOH2 gela. Gela honek programazio espezifikoa du eta tailer eta proiektu desberdinak aurrera eramaten dira.

Proiektu honek  DOH 2 gelako programazioarekin bat egiten du,  aurrera eramaten den baratza tailerrarekin hain zuzen ere eta modu horretan, bertan lantzen diren helburu, eduki eta gaitasunekin uztartzen da. Hori honela, gelak honetako ikasleek proiektu inklusibo honetan parte hartze eta paper aktiboa dute, bidelagun izanik.  Horiekin batera, aipatu bezala, Lehen Hezkuntzako 3.mailako ikasleek parte hartzen dute proiektuan.

Beraz, etapen arteko elkarlana nagusi, bi gela hauetako ikasleek hazitegia eraikiko dute: DOH2 gelako ikasleek LH 3.mailako ikasleek landatutako ezkurren hazkuntza prozesuaren ardura dute. Modu honetan,  DOH2 gelako ikasle bakoitzak LH 3.mailako 4 ikasleko taldeak  tutorizatuko ditu prozesu osoan zehar.

Integrazio inbertsoak programatuz, bi  geletan burutzen ari dira jarduerak. Dagoeneko LH 3.mailako ikasle bakoitzak 4 ezkur landatu ditu eta horiekin DOH 2 gelan kokatu den hazitegia sortu dugu. Proiektuaren lehenengo fase honetan, astero ikasle talde bakoitzak eta horien arduradunak potoak berrikusi eta zainduko dituzte eta prozesu horren pausu guztiak erregistratuko dira.

Inklusioa eta elkarlana oinarri, Iñigo Aritzako ikasle bakoitzak, ikastolatik ateratzen denean, zuhaitz izango den landare bat izango du eta hura basoan landatuko du, guztion haritzez osatutako hazitegia eraikiz.

ESKUALDEKO ERAGILEEKIN BAT
Proiektu hau Sakanako Mankomunitateak ikastola inguruan egingo duen hazitegian garatuko da behin hazietatik ateratako zuhaitz kimuek neurri bat hartzen dutela.

Sanakako Mankomunitateak, iraganean Albaola Fundazioarekin batera garaturiko proiektuarekin jarraitu nahi du eta iraganean basoen eraberritzea garatzeko zeuden hazitegiak berreskuratu nahi ditu.

Iraganean basoen ustiapena egiteko, hauen ziklotasunaz oso jakitun ziren bailarako biztanleak eta jasotzeko ereitea ezinbestekoa zela jakitun, hazitegi hauek eraiki eta zaintzen zituzten.

Iñigo Aritza ikastolak Mankomunitatearen proiektu honekin bat egin nahi du eta ikasleei bertako iraganaren berri eman. Horrekin batera, lana eta kostantziaren bidez jasotzen diren fruituez  jakitun egin eta naturan zein bizitzaren ziklotasunaren gaineko ezagutzak eman nahi dizkie ikasleei.