EINBIDE, Hizkuntz Proiektua taldeak eta Euskaraz Biziko guraso taldeak antolatuta

Familiako ohiturak gehituz, elkarrekin ekintza plana diseinatzeko. Tresna ezberdinak erabiliko dituzte.
 

EINBIDE, Hizkuntz Proiektua taldeak eta Euskaraz Biziko guraso taldeak antolatuta.
Oso interesgarria da egitasmoa; beste ikastoletatik jarraipena egiteko modukoa!

Ekimenaren izena EINBIDE da (bermeotarrez). Hitz-jokoa hautatu dute, hiru esanahirekin. Batetik Egin bide da: euskararen alde bidea egin. Bestetik, Egin behar da: euskararen alde zerbait egin behar da. Eta Eleizalde ikastolan behar da (bermeotarrez behar da=bide baita).

Hausnarketa prozesua martxan jarri dute. Norentzat? Ikastolako guraso guztientzat, helburua izanik euskararen erabileran eragitea, ikastolako gurasoak aktiboki lanean jarrita.

Nola, ordea? Nola egin? Jarraibideak markatu dituzte. Talde hausnarketa bideratu dute, egoeraren argazkia eskuratzeko. Familietara zabaldu dute galdera, eguneroko hizkuntza ohituraz pentsatzeko. Eta ohitura horiek hobetzeko edo aldatzeko prozesua zabaltzea erabaki dute, ekintza-plana diseinatuz: Gurasoek egitekoak direnak; Ikastolak eta ikastolan egitekoak; eta Ikastolak herrian egitekoak.

Oraingoz erabili dituzten tresnak hauek izan dira: EkoLinguA solas jokoa oinarritzat hartuz EHIko Hizpro taldeak ikastoletarako sortutako karta jokoa ikastolako errealitatera egokitu dute hamaika egoera ezberdinen adibide eta kasuistika anitzekin. Taula bat sortu dute, ekintza plana ezarriz; eta “kanpaina” bideoa sortu dute ikasle ohi eta ikastolako familiekin egina. 
Hona hemen youtubeko lotura: https://www.youtube.com/watch?v=Wn5c3Ra3ELI

Eleizalde Ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza eta erabilerari dagozkien alderdiak batu eta beraien trataerari koherentzia ematen dion markoa da HIZPRO. Gelaz kanpoko eremua EUSKARAZ BIZI taldeak hartzen du. Einbidu, eta zuk? Einbidot!! …. Eingu!