Ikasturte amaierarako eta hurrengoaren hasierarako gogoetak

Etorkizuneko erronkak bi atal edo epetan kokatzen ditugu.

Egoera honetatik ikasten ari gara, zailtasunei erantzuten ari gara eta ziur etorkizunean eragina izango duela

Salbuespen egoerak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesu berriak diseinatzera behartu gaitu. Zuzendaritza talde eta hezitzaile taldeak buru belarri aritu dira ikasle zein familiei arreta pertsonalizatua eskaini eta zituzten beharrei erantzuteko. Etorkizuneko erronkak bi atal edo epetan kokatzen ditugu: 2019-2020 ikasturteko azken hiruhilekoa eta hurrengo ikasturteetan egin beharreko hausnarketa eta hobekuntza/ berrikuntzak.

Aurtengo Ikasturteari, 2019-20koari, bukaera eman behar diogu eta horretarako bi ardatz edo bi egiteko nagusi izango ditugu: batetik, ebaluazioa eta bestetik, ikasleen egoera emozionala.

Noiz bueltatuko gara? Nola bueltatuko gara? Askotan errepikatzen diren galderak dira. Egia da ezohiko egoera honek galdera asko sortzen dizkigula eta aldi berean erantzun gutxi ematen dituela, horixe izan da azken asteetan behin eta berriz errepikatu dena. Hala ere, bada ikasi dugun zerbait, eta hori bidea denon artean eraikitzea derrigorrezkoa dugula izan da. Horri ekin beharko diogu!

Ebaluazioaren inguruan azken urteetan lantzen eta zabaltzen aritu garen ideia balorean jarri nahi dugu. Ebaluazioa ikasturte osora hedatzen den prozesua da, eta ikaslearen erregulazio eta hobekuntza ditu helburu. Hala ere, orain arte jarduteko modua doitu behar dugu, eta irizpide orokor batzuk zehaztu beharko dira: zer eta nola ebaluatu behar dugu, ebidentziak nola jasoko dira, behaketa bidez egiten genuen ebaluazioa nola egokitu daiteke... Ebaluazioa prozesu batek ikaslearen errealitate eta garapenean oinarritu behar du. Ideia honetatik abiatuta, ikaslearen hasierako ebaluazioak, ebaluazio hezitzaileak eta ebaluazio ziurtatzaileak osatzen dute ebaluazio prozesu osoa.

Horrez gain, irakasleen profila landu behar dugu; hezitzaileen hezkuntzarako konpetentzia garatu behar dugu ezohiko egoera honetan ahalik eta era egokienean jarduteko. Baliabide digitalen erabileraz gain, saio birtual edo on line irakaskuntza esanguratsu baterako trebatu behar gara. Inoiz baino zailagoa da ikasleentzat saio magistral tradizionalak jarraitzea, eta irakasleentzat ikasleen arreta erakarri eta mantentzea. Urruneko irakaskuntza eraginkor baterako oinarri metodologikoak ezagutu eta praktikatu behar ditugu.

Alderdi emozionalak kezkatzen gaitu. Zer nolako eragina izango du honek ume eta gazteengan? Adituen arabera, bizitzen ari garen egoera honek guztiongan eragina izango du. Haur eta gazteak dira egoera honi aurre egiteko bitarteko gutxien dituztenak eta, ondorioz, kolektibo kaltetuenak izan daitezke. Arreta berezia jarri beharko dugu pertsona hauen egoera psikologiko eta emozionalean, eta behar duten arreta eta laguntza eskaini beharko diegu. Horretarako, profesionalen laguntza ere beharko dugu kasu bat baino gehiagotan, eta, ikastolaren baliabideez gain, Gizarte Zerbitzuak eta Osasun zerbitzuak eskaintzen dituztenak baliatu beharko ditugu.

Ziurgabetasuna

Ikastolako komunitatea osatzen dugun guztion artean badira egoeraren ziurgabetasuna bereziki pairatzen ari direnak. USE (unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba) eta Lanbide Heziketara sarbidea duten ikasleak eta hauen familiak kezkatuta daude. Ikasle hauek, etorkizunean burutu nahi dituzten ikasketak egin ahal izateko sartzeko nota baten beharra duten ikasleen kasuan bereziki, ezohiko egoera honek urduritasuna eta antsietatea sortzen du.

Ikusmira epe luzeago batera begira jartzen dugunean, argi dugu egoera honetan bizitakoak eragina izan behar duela hurrengo ikasturteetan. Argi dugu aurrez aurreko ikasle eta irakasleen arteko elkarrekintza beharrezkoa dela ikaskuntza prozesu esanguratsu baterako. Saio horietan ematen diren harremanak, komunikazio ez berbala, ikasleen arteko zein irakasle-ikasle arteko konplizitate eta elkarrekintza, umorea eta arreta pertsonala, gertutasuna eta goxotasuna… nekez gerta daiteke edo ezinezkoa izango da urrutiko ikaskuntza eta irakaskuntza baten bitartez. Gogoratu, ikastea prozesu soziala dela, hau da, taldean gertatzen dela, eta, ondorioz, pertsona batek beste pertsona batzuekin elkarlanean, elkarrekintzan ikasten duela. 

Hala ere, bestelako galdera batzuk sortu zaizkigu edo lehen ere buruan bagenituen ere, oihartzun handiagoa izaten ari dira azken boladan; ohiko eskola antolaketa eta ordutegiek zentzua daukate? Ikasleen autonomia eta askatasuna hizpide izan behar dira; nola sustatuko ditugu? Ordutegien antolaketan zein eragin izango du? Nola islatu daiteke ardura eta autonomiaren lanketa eguneroko jardunean? Poliki-poliki gai hauen hausnarketa egin eta erabakiak hartzen joan beharko dugu. Ez da egun batetik bestera egin ahalko dugun aldaketa bat, urratsez urrats joan beharko dugu, baina egun ezagutzen dugun hezkuntza eredua zalantzan jarri eta eraldaketa prozesuak abiatzeko bidean jarri beharko gintuzke.

Egoera honetatik ikasten ari gara, zailtasunei erantzuten ari gara eta ziur etorkizunean eragina izango duela. Dagoeneko hizpide genituen erronka berriei ekiteko lagungarriak izango dira bizitako momentu honetan egindako guztiak!

ENTRESAKAK

Ebaluazioaren inguruan azken urteetan lantzen eta zabaltzen aritu garen ideia balorean jarri nahi dugu. Ebaluazioa ikasturte osora hedatzen den prozesua da, eta ikaslearen erregulazio eta hobekuntza ditu helburu.

Ikusmira epe luzeago batera begira jartzen dugunean, argi dugu egoera honetan bizitakoak eragina izan behar duela hurrengo ikasturteetan.