IKASTOLA 233 > ikastolak > Batxilergoko Gaztelupeko espazio berrien inaugurazioa

Arizmendi Ikastola, Leintz bailara

Batxilergoko Gaztelupeko espazio berrien inaugurazioa

Batxilergoaren espazio eraldaketari amaiera eman dio Arizmendi Ikastolak

Honekin Konfiantzaren Pedagogiak bide berriak urratzen jarraitzen du

Honekin Konfiantzaren Pedagogiak bide berriak urratzen jarraitzen du, eta aurreko urtean Almenen egindako lanekin, Batxilergoaren espazio eraldaketari amaiera eman dio Arizmendi Ikastolak. PROI (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza) da honi guztiari zentzua ematen diona. Lau ezaugarri behar ditu Batxilergoko giroak: arkitektura esperientziala izatea alde batetik, zeinetan barne zirkulazioa ematen den; bestetik, ingurune anitzak izatea, eraikinaren bizitza konkistatzeko egunerokotasunaren bidez; hirugarrenik, lekuarekiko erlazio identitarioak sortzea; eta azkenik, egoera berriak eraikitzea.

Espazioak eta altzariak propio diseinatu dira Batxilergoko gazteek beren burua gestionatzeko, proiektu kooperatiboak abiatu eta kudeatzeko, ikaskuntza indibiduala, talde txiki zein handietan egiteko, taldeen arteko partekatze eta lankidetza burutzeko, irakasleak eta ikasleak elkar ikusiz eta begiratuz jarduteko, solairu osoa denen argitan egon dadin, espazioak erabilera anitz izan ditzan eta giro naturala eta konfiantzazkoa izan dadin.

Inaugurazio ekitaldira Udaleko, Eusko Jaurlaritzako, Aldundiko eta proiektu hau aurrera ateratzen lagundu duten erakundeetako ordezkariak hurbildu ziren. Ekitaldiari hasiera emateko J.Iñaki Etxezarretak, zuzendari nagusiak, lehendakari berria den Goretti Maturana aurkeztu zuen. Jarraian Gaztelupeko abesbatzakoek Humanity at Music sinfoniako Xalbadorren heriotza eta Etorkizuna piezak abestu ondoren, Elena Errastik, Gaztelupeko arduradunak, hartu zuen hitza. Arizmendik 2009. urtean Konfiantzaren Pedagogiaren alde apustua egin zuela adierazi du, eta oraingoa ere, bide luze honetan Arizmendi ikastolak ematen duen beste pausu bat dela.

Arkitektura ikuspegia Nondik enpresako Ahinitze Errastik eman zuen, proiektuaren oinarriak azalduz:

  • Arkitektura esperientziala da. Alegia, arkitekturak agertoki izan behar du, esperientzia ezberdinak bizitzeko gonbitea eginez, eta erabiltzaileari egoera pedagogikoak gertatzeko bidea erakutsiz.
  • Barne zirkulazioa bultzatuz. Alegia, elkarrekintza ezberdinak sortu behar dira, espazioan zehar mugitzeko askatasuna izateko.
  • Ingurune anitzak sortuz. Alegia, hezkuntza-espazioa inklusiboa izan dadin, eremu txiki eta anitzez osatutako ingurune konplexua izan behar da.
  • Eraikinaren bizitza gauzatuz. Alegia, obrak amaitu ostean, erabiltzaileek inguru berri hori konkistatu behar dute egunerokotasunaren bidez, lekuarekiko erlazio identitarioak sortuz eta egoera berriak eraikiz.

June Anduagak, Gaztelupeko pedagogia arduradunak, espazio hauek ikasleekin nola erabiltzen diren azaldu zuen. PROI (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza) da guzti honi sentsua ematen diona. Ikasleak edukiak proiektuen bidez lantzen dituzte, errealitatetik oso gertu egoten dira ikasleak eta euren alderdi analitikoa eta kritikoa pizten da PROIri esker.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko, bertaratutako guztiak bisita gidatua izan zuten, baita ikasleek proiektuetan lanean ikusteko aukera erakutsi ere. Azken topagunea beheko solairuan dauden harmailak izan ziren. Bertan gonbidatuei eman zitzaien hitza, hala, bisitatutako espazioen inguruan eta Arizmendi ikastolak gaur egun dituen erronken inguruan hitz egiteko aukera eskainiz.

Zaldibarko OLHko sukaldariek prestatutako pintxo goxoez amaiera ederra eman zioten inaugurazio ekitaldiari.

Arkitektura Batxilergoaren liburuaren bigarren edizio eguneratua
Iaz, maiatzaren 24an, Donostian, ARKITEKTURA BATXILERGOAN, KONFIANTZAREN PEDAGOGIA liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren gunean aurkeztu zena eguneratu egin du Arizmendik, bigarren edizioan. Martxoaren 29ko ekitaldian eskura eman da NONDIK, LKS eta EREDU kooperatibekin burutu ostean. Bertan ere jasotzen dira Gaztelupe gunean egindako berriztapen obren xehetasunak.

Arizmendi Ikastola, Euskal Herriko ikastolarik handiena
2009.urtean abiatu zuen Arizmendi Ikastolak Konfiantzaren Pedagogia eta erabaeko eraldaketa planteatu zion bere buruari helburuetan, metodologian eta arkitekturan. Hezkuntza euskaldun kooperatiboa du xedetzat Konfiantzaren Pedagogiak, eta arkitekturak rol erabakigarria jokatzen du haren garabidean, bai ikasleak bere buruan konfiantza izan dezan, bai besteengan izan dezan eta baita inguruan ere.

Horren ondorioz, Haur Hezkuntzan dituen sei eraikinetan eraldaketa pedagogikoa eta horri dagokion eraldaketa arkitektonikoa gauzatu zuen ondorengo urteetan.
Plan hori 2016an Lehen Hezkuntzara zabaldu zuen Arizmendik, eta 2017ko udan Lehen Hezkuntzako maila guztiak hartzen dituen lehen eraikina, Santa Teresakoa, osorik diseinatu eta horren araberako obrak burutu zituen.

Martxoaren 29ko inaugurazio ekitaldiarekin, aurreko ikasturtean hasitako Batxilergoko eraldaketaren bigarren fase burutu da, jauzi ikusgarria eginez Konfiantzaren Pedagogiak Batxilergoan. Gaurdaino Euskal Herrian inork egin ez duen bezalakoa, hain zuzen.
 

ikastola 233
2019 Apirila
233